Minbiziaren Aurkako XI. Martxa irailaren 28an egingo da, kaltetuei laguntzeko eta ikerketan aurrera egiteko
Egunero sei pertsonari diagnostikatzen zaie minbizia Araban, eta gaixotasun hori da oraindik ere heriotza-kausa nagusia EAEn. Kaltetuei eta haien familiei laguntzeko, eta, gainera, ikerketa onkologikoko proiektuetarako dirua biltzen jarraitzeko, irailaren 28an Gasteizen egingo den Minbiziaren Aurkako XI. Martxan parte hartzeko deia egin dute Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteak eta Vital Fundazioak. Martxa horrek Gasteizko Udalaren eta El Corte Inglésen babesa ere badu.
‘Martxa doakigu. Eta zuri?’ esloganaren pean, hitzorduak ez du izaera lehiakorrik, eta minbizia ikertu dadin lagundu nahi duten adin guztietako pertsonei irekita dago. “Lagun egiteko martxa solidarioa da, azken batean, prozesua igaro dutenen bizitza ospatzeko eta hortik pasatzen ari diren pertsonei eta haien familiei laguntzeko martxa. Gainera, gure parte hartzearen bidez, ikerketa proiektuak babesten jarraitu nahi dugu”, azaldu du Miren Bilbao Minbiziaren Aurkako Arabako presidenteak, eta “minbizia guztion bizitzan dagoela” gogorarazi du.
Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak azpimarratu duenez, “ikerketa bultzatu behar da, hori baita gaixotasun hori eta beste batzuk zuzenean edo zeharka pairatzen dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko gakoa. Zorionak eman nahi dizkiot Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteari, Lurraldean egiten duen lanagatik, gure iritziz lan egiteko modu eredugarria baita, kausa horren aldeko borrokan hainbat eta hainbat eragile lotzeko duen gaitasunagatik”.
Beste alde batetik, Helena García ikertzaileak azaldu du zer garrantzitsua den Minbiziaren Aurka Elkarteak ikertzaileak laguntzea “esperimentu bat gaizki atera zaigunean, lan-denboraren ondoren, zure lana babesten eta bultzatzen ari den elkartean pentsatzen dugu, eta horrek hurrengo egunean gogo handiagoz itzultzea eragiten duelako". Garcíak enpresa guztien babesa eskertu die, laguntza horrek berea bezalako proiektuak aurrera eramatea ahalbidetzen duelako.
Raúl Pérezek eta Axier Urrestik, 24 orduko indoor bizikletan erronkaren protagonistek esan dute enbaxadore gisa harro sentitzen direla. Haien ustez, denon artean ikerketa sustatzea oso garrantzitsua da eta gogorarazi dute “denok minbizia daukaten pertsonen kasu oso hurbil dauzkagula”. Horrez gain, martxan parte hartzera animatu dute kaleak betetzeko eta minbizia duten pertsonak eta haien familiak laguntzeko.
Erakunde biek uste dute ikerketa funtsezkoa dela detekzio goiztiarrean eta tratamenduetan aurrera egiten jarraitzeko. Araban besterik ez, azken 10 urteetan, 1,6 milioi euro inbertitu dira zeregin horietan. 2024an, doktoretza aurreko lehenengo beka esleitu zitzaion Helena Garcia ikertzaileari, koloneko minbiziaren metastasi hepatikoari buruzko bere lanerako, eta laster doktoretza aurreko beste beka bat esleitzea da helburua.
Ibilbidea, jarduerak eta izen-emateak
Martxa, irailaren 28an, 11:30ean abiatuko da Andre Maria Zuriaren plazatik, eta zinta moztea Raul Perez eta Axier Urresti kirolariek egingo dute, joan den maiatzeko 24 orduko bizikleta indoor erronkaren protagonistek. Ondoren, ibilbideak Florida pasealekutik eta Senda ibilbidetik jarraituko du Armentiaraino, eta Plaza Berrian amaituko da.
Izena online eman daiteke marcha.contraelcancer.es webgunean edo El Corte Ingléseko kirol dendan, irailaren 8tik (astelehena) irailaren 27ra (larunbata). Kamisetak El Corte Inglésen jasoko dira irailaren 25ean eta 26an, 10:00etatik 21:00etara, eta irailaren 27an, 10:00etatik 14:00etara. Prezioa 10 € da 15 urtetik gorakoentzat eta 6 € 14 urtetik beherakoentzat. Bildutako guztia Minbiziaren Aurkako Arabako Elkartearen ikerketa-proiektuetara bideratuko da oso-osorik.
Behin proba amaituta, Plaza Barrian hainbat jarduera egingo dira, hala nola ohiko pintxo pote solidarioa, Zumba eskolak, haurrentzako zientzia tailerrak eta adin guztietarako prebentzio tailerrak. Gainera, beren proiektuak Minbiziaren Aurkako Arabako Elkartearen laguntzari esker garatzen dituzten ikertzaileak ere izango dira bertan, eta jendearen galderei erantzungo dizkiete, eta oso modu dibulgatzailean azalduko dute zertan dautzan beren ikerketak.
Minbizia Araban
2.200 minbizi kasu berri diagnostikatu ziren Araban 2024an. Kolon eta ondesteko minbizia, bularrekoa, prostata eta biriketakoa dira intzidentzia handiena dutenak. Aurreikuspenen arabera, 2 gizonetik 1ek eta 3 emakumetik 1ek minbizia izango du. Alderdi positiboa da biziraupena gero eta handiagoa dela, eta, horregatik, Minbiziaren Aurkako Elkarteak minbiziaren biziraupenaren % 70 lortzeko erronkari eutsi dio, eta hortik dator Minbiziaren Aurkako Martxa bezalako ekintzen garrantzia, ikerketa babesten jarraitzeko oso garrantziak baitira.
Minbiziaren Aurkako Arabako Elkartearen ekintza-ildo nagusiak prebentzioa, laguntza eta ikerketa dira. Zabalganan dago (Arkupe plaza, 1), eta Laudion, Amurrion eta Agurainen ere badago. Minbizia diagnostikatu zaien pertsona guztiei eta haien senideei irekita dago.
Ikuspegi psikologikotik, minbizia-diagnostiko batek dakarren inpaktua murriztea da helburua. Gainera, gizarte langileek laguntza eta aholkularitza juridikoa eskaintzen dute, laguntza ekonomikoak, elkartearen beraren pisuei edo egoitzei buruzko informazioan eta kudeaketetan laguntzea, tratamendua herritik kanpo bada. Era guztietako material eta euskarriak ere eskaintzen dira: ohe artikulatuak, taka-takak, gurpil-aulkiak, ileordeak eta zapiak. Zerbitzu guztiak doakoak dira, elkartekide izateko beharrik gabe. Informazio gehiago 900 100 036 doako telefonoan eta alava@contraelcancer.es helbidean.
Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteak antolatu du Minbiziaren Aurkako XI. Martxa, Vital Fundazioa babesle nagusi duela. Martxak baditu beste babesle batzuk ere, hala nola Vitoria-Gasteizko Udala, El Corte Inglés, Michelin Fundazioa, LEA, Mercedes-Benz Vitoria, I+Med, Just Drive, Ford Garaje Modernoa, Gasteiz Courier, Amurrio Ferrocarriles, Euneiz Unibertsitatea, Jori & Azetek, Aernnova, Vidrala, Eleyco Taldea, Inprotop, Konfekoop, Ruta de Europa Hotela eta.
Laguntzaileak: El Correo, Eroski, Cruz Roja Alava, Artepan, Arco Sistemas, Fundación Baskonia Alavés, Vivagym, Solán de Cabras, Carlota Charcutería, Ser Vitoria, Radio Vitoria, Radio Gorbea, Cope, Onda Cero, Tuvisa, Boilur, Hobea, Natuber, Eguren Ugarte eta Fundación Hazi.